Ekimena 1. Eusko Jaurlaritza bat dator, dagokion esparruan, EAJ-PNVk eta PSE-EEk (PSOE) autogobernuari buruz adostu duten akordioarekin.
EAJ-PNV eta PSE-EEk (PSOE) alderdiok autogobernua eguneratzeko prozesu bat planteatu genuen 2016ko azaroan, indarrean dauden legezko arau eta prozeduren arabera izapidetuko zen erreforma bat juridikoki eta legalki egokituko zela bermatzeko, bizikidetza demokratikoan sakontzeko eta kohesio eta justizia sozialean aurrera egiteko.
Hori oinarri hartuta, 2020an lortutako akordioan, bi alderdiek Eusko Legebiltzarrean egindako lanetan sakontzeko aukera planteatu genuen, euskal autogobernua eguneratzeko prozesuarekin amaitzeko, ahalik eta adostasun handienarekin eta ezarritako eta aurreikusitako legezko bideei jarraituz, estatutuak aldatzeko lege- proposamenaren proiektua aurkezteko aukera emateko.
Gogoeta horiei gehitu behar zaie PSOEk eta EAJ-PNVk 2023ko azaroaren 10ean sinatutako akordioa. Akordio horretan jasota dago alderdi biok parte hartuko dugula, Euskadin zein Estatuarekin, etorkizuneko autogobernua negoziatu eta onartzeko prozesuan, Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarriaren eta Gernikako Estatutuaren Xedapen Gehigarriaren ahalmenak baliatuz. Akordio horretan, fede onez negoziatzeko eta akordio bat aurrera ateratzeko konpromisoa adierazten genuen, bai euskal erakundeetan, bai Gorte Nagusietan, ondoren euskal herritargoak lortutako akordioa berrets zezan. Euskadiren naziotasunaren aitortza, euskal eskumenen babesa eta aldebikotasunean eta forutasunean oinarritutako berme-sistema bi alderdien artean hitz egin eta negoziatu beharreko eremuak izango dira.
Lortuko den akordio horrek Euskadiko Legebiltzarraren gehiengoaren eskaerei erantzun beharko die, Gernikako Estatutuan ezarritakoaren arabera, Euskal Herria legitimoki ordezkatzen baitu.
Bi alderdiok ulertzen dugu aurreko legegintzaldietan egindako lanetan EAJ-PNVk eta PSE-EEk (PSOE) hainbat arlotan bat egin dugula, baina desadostasunak ere izan ditugu gure artean. Alde horretatik, bi alderdiek berretsi egiten ditugu 2016an, 2020an eta 2023an sinatutako akordioak, eta,bat egite horretan oinarrituta, uste dugu gai horri buruzko eztabaidak alderdi politikoei dagozkiela, eta ez Jaurlaritzari, eta onartzen dugu gai horri buruzko legegintza- eta politika-ekimena alderdi politikoei dagokiela, eta ez Gobernuari, Eusko Legebiltzarrak bere eskumenaren eta indarrean dagoen legeriaren esparruan ildo horretan har ditzakeen akordioei lotuta sentituko baita, ezinbestean.
Ondorioz, gobernagarritasun-akordio hau sinatu dugun bi alderdiok berretsi egiten ditugu aldez aurretik sinatutako akordioen edukiak, eta elkarri askatasuna aitortzen diogu autogobernuaren arloko gure postulatuak eta planteamenduak defendatzeko, eta, era berean, hitz ematen dugu ez dugula eragotziko zentzu horretan hemen, Euskadin zein beste eremu instituzional batzuetan egin nahi diren eztabaidak edo proposamenak, eta bat gatoz gai honetako edozein legegintza-ekimen Eusko Legebiltzarraren gehiengo osoak adostu eta onartu beharko lukeela, eta, ondoren, Gorte Nagusietara bidali beharko litzatekeela, ezarritako legezko bideen arabera izapidetu eta, hala badagokio, herritarrek erabaki dezaten eta erreferendumean berrets dezaten.