Gobernu Programa. Legealdia: 2016 – 2020

Ekimena 3. Zerbitzu publikoetan arreta elebiduna ematen jarraitu, eta Euskararen erabilera VI Plana (2018-2022) bultzatu Eusko Jaurlaritzan

Jarduerak Gaurkotze eguna Arduraduna

V. Plangintzaldiaren amaierako ebaluazioa aztertu dute HAKOBAren urteko lehenengo bileran; Gasteizen, 2017ko otsailaren 28an

Hizkuntza politika arloan Herri Aginteak Koordinatzeko Batzordeak, HAKOBAk, bilera egin du. Bertan izan dira Eusko Jaurlaritza, EAEko hiru foru aldundiak, EAEko hiru hiriburuetako udalak, EUDEL eta UEMA.

Besteak beste, V. Plangintzaldiaren amaierako ebaluazioa izan dute hizpide. Ebaluazioa egiteko metodologia aldatu nahi da datu fidagarriak lortzeko.

Bingen Zupiria sailburua HAKOBAko bileran izan da gaur Gasteizen

2018/04/24 Hizkuntza Politikarako Sailburuordea

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak V. Plangintzaldiaren amaierako ebaluazioari begira lan-saioa egin du Gasteizen 2017ko ekainaren 29an

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza V. Plangintzaldiaren amaierako ebaluazio orokorra egitera doa 2017an. Ebaluazio horretan, datu kuantitatiboez gain, ekarpen kualitatiboak ere jaso nahi ditu. Asmo horrekin, bada, lan-saioa parte-hartzailea antolatu du Eusko Jaurlaritzako eta ingurune soziolinguistiko ezberdinetako udal, mankomunitate eta koadriletako 25 euskara teknikarirekin.

Gaia honako hau izan da: V. Plangintzaldiaren hiru indargune eta hiru ahulezia identifikatzea, hurrengo plangintzaldirako hiru erronka berri adieraztea, eta horren guztiaren inguruan hausnartzea.

2018/03/07 Hizkuntza Politikarako Sailburuordea

Eusko Jaurlaritzak baliokidetza dekretuaren aldaketa onartu du 2017ko uztailean

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak euskararen ezagutza egiaztagirien baliokidetzeak arautzen dituen dekretuaren aldaketa onartu du. Dekretu-proiektu bidez eginiko aldaketa horri esker, egungo titulu eta egiaztagiri guztiak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin baliokidetu dira.

Baliokidetzeen dekretuaren aldaketa onartu du Eusko Jaurlaritzak eta euskararen ezagutza egiaztagiriak Europako Markora egokitu ditu (Gobernu Bilera 2017-07-04)

2018/03/07 Hizkuntza Politikarako Sailburuordea

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hainbat proiektu aurkeztu ditu 2017ko uztailaren 10ean eta 12an

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza Gipuzkoako udaletako euskara teknikariekin batu da hainbat proiektu aurkezteko. Batetik, Euskararen Erabilera Plan berria aurkeztu da, Bikainekin lerrokatua. Bestetik, V. Plangintzaldiaren amaierako ebaluazio orokorra noiz eta nola egingo den azaldu da, eta erakunde bakoitzak bere ebaluazioa egiteko jarraibideen inguruan ere azalpenak eman dira. Bukatzeko, Bikain berriaren gaineko informazioa gaineratu da.

Aurkezpena Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuaren bitartez antolatu da. Bizkaian, aurkezpen bera egin da uztailaren 12an, Bizkaiko Foru Aldundiko Alkarbide, Bizkaiko udaletako eta mankomunitateetako euskara zerbitzuen bilguneko kideekin.

2018/03/07 Hizkuntza Politikarako Sailburuordea

Hizkuntza eskakizunak aztertu dituzte HAKOBAren urteko bigarren bileran; Gasteizen, 2017ko uztailaren 19an

Beste gai batzuen artean, hizkuntza eskakizunen esleipena doitzeko edo aztertzeko proposamena aztertu da.

2018/03/07 Hizkuntza Politikarako Sailburuordea

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskararen erabilerari buruzko auto-diagnostikoa egiteko metodologia aurkeztu du, Siadeco elkartearekin batera; 2017ko urriaren 31n Gasteizen, azaroaren 2an Donostian eta azaroaren 3an Bilbon

V. Plangintzaldia bukatzear dago, eta EAEko herri administrazioetan euskararen erabilera neurtu behar da VI. Plangintzaldirako diagnostikoa eduki ahal izateko.

Euskararen erabilera neurtzeko metodologia proposamena hamar urratsetan banatu da, eta zehaztu egin dira laginak kalkulatzeko prozesua, datuak haztatzeko aukerak eta erabilera planetarako beharrezkoak diren adierazleak lortzeko modua. Administrazio guztiek erabil dezaketen eredu bateratua da. Izan ere, EAEko herri administrazioetako Amaierako Ebaluazio Orokorra eta Eusko Jaurlaritzako sailkako eta erakundekako Amaierako Ebaluazioa ere eredu horri jarraituta egin dira.

2018/03/07 Hizkuntza Politikarako Sailburuordea

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak VI. Plangintzaldirako gidalerroak aurkeztu ditu; 2017ko abenduaren 18an Gasteizen, 19an Donostian eta 20an Bilbon

Erakunde guztiei eskaini zaizkie VI. Plangintzaldirako gidalerroak.

2018/04/25 Hizkuntza Politikarako Sailburuordea

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak BIKAIN ziurtagiriarekin lerrokatutako plan estrategiko eta kudeaketa plan ereduak aurkeztu ditu; 2017ko abenduaren 18an Gasteizen, 19an Donostian eta 20an Bilbon

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak erabilera plan eredu bat diseinatu du VI. Plangintzaldirako, BIKAIN ziurtagiriaren Erreferentzia Marko Estandarrarekin (EME) lerrokatuta. HAKOBAk ontzat eman du eredu hori, eta herri administrazioetan ez ezik, enpresa publikoetan eta pribatuetan ere erabiltzeko prestatuta dago.

2018/04/25 Hizkuntza Politikarako Sailburuordea

Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Nagusiaren jarraipena egin da Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean 2018ko otsailaren 27an

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak V. Plangintzaldiaren amaierako ebaluazioa (V. Plangintzaldiaren amaierako ebaluazioa) eta VI. Plangintzaldirako gidalerroak (Eusko Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko irizpide orokorrak eta Plan Nagusia eta EAEko herri-administrazio eta erakundeetan euskararen erabilera normalizatzeko planetarako irizpide orokorrak) azaldu ditu Eusko Legebiltzarreko Euskara, Kultura eta Kirol Batzordean.

Eusko Jaurlaritzak egindako ebaluazio baten arabera, langile publikoen % 71 euskaraz lan egiteko gai da; 1990an kopuru hau % 23,5 zen

2018/04/25 Hizkuntza Politikarako Sailburuordea

Hizkuntza eskakizunak esleitzeko proposamena aztertu dute Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean 2018ko otsailaren 27an

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ikerketa egin du 86/1997 Dekretuaren eraginpeko lanpostu-zerrendako hizkuntza-eskakizunak sailkatzeko. Batetik, hizkuntza eskakizunak lanpostuetan modu bateratuan ala desorekatuan esleituta dauden aztertu da. Bestetik, proposamen orokor bat egin da, lanpostuei esleitu dakizkiekeen hizkuntza eskakizunak zehaztuz: Hizkuntza-eskakizunak esleitzeko proposamena.

Hizkuntza eskakizunen inguruko ikerketa eta proposamena aztertu da Eusko Legebiltzarreko Euskara, Kultura eta Kirol Batzordean.

Eusko Jaurlaritzak egindako ebaluazio baten arabera, langile publikoen % 71 euskaraz lan egiteko gai da; 1990an kopuru hau % 23,5 zen

2018/04/23 Hizkuntza Politikarako Sailburuordea

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak HIZKETA-Hizkuntzen Kudeaketarako Aplikazioa aurkeztu du; 2018ko apirilaren 12an Donostian, 14an Bilbon eta 16an Gasteizen

BIKAIN berria dela eta, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak HIZKETA aplikazioa –IRATIren ordezkoa– garatu du erabilera planen kudeaketa errazteko. Honen bidez, plan estrategikoak (BIKAIN berriko Erreferentzia Marko Estandarrean oinarrituak) zein urteko kudeaketa planak moldatu ahal izango dituzte erabiltzaileek.

2018/04/25 Hizkuntza Politikarako Sailburuordea

86/1997 Dekretua hobetzeko proposamenak egin dira 2018an

86/1997 Dekretua egokitzeko proposamenaren lehen zirriborroa prestatu da 2018ko amaieran.

2019/01/30 Hizkuntza Politikarako Sailburuordea

Hainbat plan estrategiko eta kudeaketa plan onartu dira 2018an

Eusko Jaurlaritzako sail eta erakunde autonomoetatik 14k (% 74) onartu dute plan estrategikoa 2018an, eta beste 4k (% 21) onartzeko bidean dute.

Urteko kudeaketa planei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako 17 zuzendaritzak (% 12) onartu dituzte dagozkien kudeaketa planak 2018an, eta beste 33 (% 24) kudeaketa planak diseinatzen ibili dira 2018an.

2019/02/05 Hizkuntza Politikarako Sailburuordea

Hizkuntza eskakizunak egiaztatzetik salbuetsita dauden pertsonen datuak erregistratzeko lan egin da 2018an

47/2012 Dekretuaren bidez hizkuntza eskakizunak egiaztatzetik salbuetsita dauden pertsonen datuak Euskarazko Titulu eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) integratuko dira. Erregistroa egokitzeko eta Hezkuntza Sailak beharrezkoak diren datuak eman ditzan lan egin da. Datuak 2019an egongo dira ikusgai.

2019/02/12 Hizkuntza Politikarako Sailburuordea

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ofizialen Batzorde Iraunkorra bi aldiz batu da 2018an

Batzordeko partaide dira HPS, IVAP, eta sail eta erakunde autonomo guztietako zerbitzu-zuzendariak eta zuzendari nagusiak.

VI. Plangintzaldia kontuan hartuta, bere eginkizuna izan da plan estrategikoak onartzen direla bermatzea, eta zuzendaritza mailako urteko kudeaketa planak HPSk zehaztutako gidalerroen arabera garatzen eta hedatzen direla sustatzea.

2019/02/15 Hizkuntza Politikarako Sailburuordea

2019ko apirilaren 12tik aurrera ikusgai daude Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan 47/2012 Dekretuaren ondorioz hizkuntza eskakizunak egiaztatzetik salbuetsitako pertsonen datuak

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B1, B2, C1 edo C2 mailak egiaztatzetik salbuetsita dauden pertsonak dagozkien ziurtagiriak kontsultatu eta inprimatu ahal izango dute Erregistro Bateratuan.

Hautaketa-prozesuak, lan-poltsak edo EPEak deitzen dituzten herri administrazio eta erakundeek erregistro bakarrean kontsultatu ahal izango dituzte hautagaien euskara titulu eta ziurtagiriak.

2019/05/15 Hizkuntza Politikarako Sailburuordea